Badator Euskaraldia Durangora!
Hizkuntza ohituretan eragiteko 11 egun euskaraz egitasmora batuko gara Durangon. Abenduaren 1ean egingo dugu ekimenaren aurkezpena, Andra Mariko elizpean, 19:30ean. Euskaraz bizitzeko erronka prestatzeko 2018 hasieran herri batzorde bat sortzea da asmoa.
Euskararen erabileran eragiteko egitasmo berezia abiatuko da 2018an. Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian, eta beste hainbat herritan egin duten legez, Euskal Herri osoan euskararen aktibaziorako ekimenak jarri gura dira martxan, eta Durangon ere horretan lan egiteko prest gaude.
Euskaraldia izeneko markoaren baitan, euskararen ezagutzatik erabilera dagoen tartea gutxitzeko bidea egitea da planteamendua. Bide luze horren lehen geltokia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dugu. Hamaika egunez euskaraz bizitzeko erronka izango da, eta dinamika hori Euskal Herrian hainbat herritan batera egin gura da. Funtsean, euskaraz berba egiteko gai direnen aktibazioa eta euskara ulertzen dutenen aldeko jarrera bultzatu gura dira. Jarrera horiei lotuta, konpromiso zehatzak hartuko dituzten figura bi hauek egongo dira herritarren artean:
-
Ahobizi-ak: euskaraz berba egiteko gai diren pertsonak izango dira, eta horretarako aukera guztiak aprobetxatzeko konpromisoa hartuko dute.
-
Belarriprest-ak: berba egiteko gai ez diren arren, euskara ulertzen duten pertsonak dira, eta Ahobiziei euren ahaleginean oztoporik ez jartzeko konpromisoa hartuko dute. Euskaraz bizitzeko giroa hobetzen lagunduko dute euren jarrerarekin.
Erronkarekin bat egin gura duten durangarrek Ahobizi edo Belarriprest izatea aukeratuko dute, eta hamaika egunez, figura horien txapa eroango dute soinean, herriko harremanetan denek jakin dezaten zer konpromiso hartu duten.
Abenduaren 1ean, lehen pausoa
Aipatutako hamaika egunak 2018 amaieran izango diren arren, urte osoko lana egin beharko da egitasmoaren berri zabaltzeko, formazioa jasotzeko, girotzeko, eragileekin biltzeko… Lan hori egiteko 2018 hasieran herri batzorde bat sortzea da asmoa, eta taldea sortu aurretik, lehen pausua datorren barikuan, abenduaren 1ean, egingo dugu. Andra Mariko elizpean, 19:30ean, 11 egun euskaraz zer izango den azalduko dugu Karrika antzerki taldekoen laguntzarekin.
Durangon, herritarren erdia elebiduna da, eta %27k dio euskara ulertzeko gai dela. Hala ere, jende askok gaztelaniaz berba egiteko ohitura du, eta hainbatek, euskara ikasi arren, egunerokotasunean aukera gutxi dute euskaraz bizitzeko. Egoera horri buelta ematen hasteko aukera izan daiteke hau.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest