Biharko, maiatzak 28, “Amurrion euskaraz bizi nahi dut eguna” antolatu dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta herriko hainbat elkartek. Zehazki, Ohiturak elkartea, Mendiko Lagunak, Amurrioko AEK, AIEBE bertso-eskola, Uhinak irratia eta Aiara Euskal Pilota Elkartea aritu dira antolatzaile gisa, Euskara Zerbitzuarekin lankidetzan.

Amurrioko Euskara Zerbitzuak bidalitako prentsa-oharraren arabera, “egunak euskararen erabilera areagotzea du helburu eta egitarauan antolaturiko ekintzek amurrioar euskaldunek elkar ezagut dezaten eta euren artean euskaraz hitz egin dezaten bultzatzea” da. Aipatu bezala, “aurtengo programa antolatzeko herriko hainbat eragileren parte-hartze aktiboa” izan du Udalak, eta “horien laguntza gabe ezinezkoa litzateke” programa aurrera eramatea.

Askotariko jarduerak eskainiko zaizkie egunaz gozatzera animatzen direnei, besteak beste: mendi-irteera, txakolin-dastaketa, pilota-partidak…

Halaber, 14:30ean herri-bazkaria egingo da, bertsoz eta kantuz lagunduta, eta eguna amaitzeko, dantza-plaza.

Plan ederra, beraz, mingaina astindu eta euskaraz bizitzea posible dela aldarrikatzeko.

Hona hemen eguneko programa osoa:

09:00etan: Amurrioko herriko plazatik mendi irteera (naturbidea).

11:30-13:30 Euskarazko irratsaioa zuzenean.

11:30-13:30 Aspaltzaren tailerrak, hankapalu tailerra eta antzinako jokoak.

13:30ean Arabako Txakolinaren dastaketa.

14:30ean Herri bazkaria, txartelak 7 euro (kultura etxean eta AEKn). Sagardo kupela eta bertso-adarjotzea (Unai Mendibil eta Serapio Lopezen eskutik), euskal kantak eta elkartasun enkantea.

17:00-18:30 Mus txapelketa euskaraz.

18:00-19:00 Pilota partidak.

19:00-20:00 Dantza plaza Karrakan-Trakatanen eskutik.

Jatorrizko albistea: Irati MaraƱon Quintana aiaraldea.com aiaraldeko euskaldunon komunikazio lehioa

Etiketak: