Unibertsitaterako Sarbide-Probako Kimikako euskarazko azterketak itzulpen akats bat zuen. Hori dela eta, proba euskaraz egin zuten 1.500 ikasle baino gehiago iletik tiraka hasi ziren, soluziorik ez zuen problema baten aurrean baitzeuden. EHU bezalako erakunde batek hizkuntz mailako akatsik egitea horren proba garrantzitsu batean onartezina da. Gainera, ikasle askok beren etorkizuna jokoan zuten; Medikuntza, Erizaintza edota Odontologia bezalako graduek sarbide nota oso altuak eskatzen dituztelako.

Enuntziatua gaztelaniaz:

“El tetraoxomanganato (VII) de potasio (permanganato de potasio) en medio ácido sulfúrico transforma el ioduro de potasio en yodo molecular a la vez que el primero se transforma en sulfato de manganeso (II) y se forma sulfato de potasio y agua”.

Enuntziatua euskaraz:

“Azido sulfurikoz osatutako ingurune batean, potasio tetraoxomanganato (VII)ak (potasio permanganatoak) eta potasio iodurak erreakzionatzen dute; ondorioz, manganeso (II) sulfatoa, potasio ioduroa, potasio sulfatoa eta ura lortzen dira”.

Enuntziatuak iodo molekularra ioduro potasikoarekin nahasten ditu, hori dela eta, problemak ez du soluziorik. EHUko arduradunek itzulketan akatsen bat izan zela onartu dute, baina ez dute uste hori azterketa berriro egiteko arrazoia denik.

Litekeena da azterketa prestatu zuen Kimikako irakasleak euskaraz ez jakitea eta enuntziatua euskaratu zuen pertsona kimika gaietan oso jantzia ez izatea. Hala eta guztiz ere, non dira berrikusketak? Unibertsitatean irakatsi ohi dute ez dela lanik entregatu behar hamaika aldiz berrikusi gabe.

Gisa honetako kasuek agerian uzten dute oraindik euskarak unibertsitatean sartzeko (Euskal Herriko Unibertsitatean!) eta bere tokia egiteko dituen zailtasunak, batez ere zientzien arloei dagokionez. Izan ere, garrantzitsuagoa omen da zientziari arreta gehiago jartzea hizkuntzari baino; hori dela eta, euskara jakintza zientifikoaren mende jarri ohi da. Orekarik aurkitzea posible izango da, ez da ala?

Etiketak: