Hartuko al dugu kafe bat herriko plazan?
Euskararen erabileraz hausnartzeko World Kafea antolatu du Elorrioko Udalak.
Duela 10 urte Elorrioko Udalak Geurien izeneko hitzarmena sortu zuen herriko merkataritza, ostalaritza, zerbitzu-enpresa eta elkarteetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko asmoz. Hitzarmen horren barruan hainbat ekimen ezberdin antolatu dira azken urteetan: merkatari eta ostalarien hizkuntza-gaitasuna hobetzeko ikastaroak edo euskarri lagungarriak, hizkuntza-paisaian eragiteko kanpainak, hizkuntza-jarrerak lantzeko tailerrak, itzulpegintza-zerbitzua, eta abar. 2008tik aurrera, udalak Elhuyar Aholkularitzarekin lankidetzan bideratu ditu lan horiek.
Urte hauetan guztietan batez ere komertzio eta tabernetako langileekin aritu gara lanean, baina jakin badakigu salerosketa prozesuan eragile batek baino gehiagok hartzen duela parte. Hori dela eta, beharra ikusi dugu begirada apur bat zabaldu eta prozesuan parte hartzen duten eragile ezberdinekin lan egiteko. Bakoitzak gure alea jarriz, guztion artean eraiki dezakeguna aberatsagoa izango delako.
Aurtengoan gaia kalera atera nahi izan dugu, eta herriaren erdigunean kokatu gure hizkuntza: Elorrioko plazan. Horretarako, urriaren 21ean World Kafea antolatu genuen, eta herritarrak plazaren bihotzean ireki genuen terraza berrira gonbidatu genituen. Herriko plaza dendari, zerbitzu-enpresetako langile, elkarteetako ordezkari nahiz bezeroen topagune bilakatu zen. Eta topagune horren ardatza euskara izan zen. Euskara, Elorrioko bihotzean beraz.
Hainbat lantalde sortu genituen herritarren artean, eta hiru galdera izan zituzten eztabaidagai. Parte-hartzaileek guztiak lantzeko aukera izan zuten mahai batetik bestera pasaz, askaldu bitartean.
Parte-hartzaileen iritziz,Elorrioko merkataritza eta ostalaritzan gaztelania da nagusi, eta alor sozioekonomikoan hizkuntzak duen egoera eta estatusa gainerako erabilera-eremuetan duenaren antzekoa da.
Herritarren nahimena aurrera begira euskararen presentzia eta erabilera areagotzea da. Horretarako, guztiok ditugu etxeko lanak eta hona hemen herritarrek luzatutako hainbat eskaera eta proposamen:
Euskara erabili egin behar dugu, dakiguna gutxi bada ere. Euskara zirrikitu guztietatik sartu behar dugu, arnasa hartu dezan.
Dendari eta tabernariek euskaldunari erraztasunak eman behar dizkiote. Lehen hitza euskaraz egitera animatu zituzten, eta euren guneetan dituzten informazio-euskarrietan (kartelak, menuak…) euskarari lehentasuna emateko eskatu zieten. Azken batean, bezeroari euskaraz egin dezakeela sentiarazi behar diogu denda edo tabernara sartzen denean, euskaraz egitea aukera natural eta erraza izatea lortu, beldurrak, lotsak eta deserosotasunak ekidinez.
Euskaldunok gure konplexuak gainditu behar ditugu eta hizkuntzarekiko gure leialtasuna indartu.
Guztiok egindako ahalegina eskertzeko eta ospatzeko guneak sortu behar ditugu. Egindako bideari balioa ematea eta bide hori ikustaraztea garrantzitsua da.
Haurrek ere ez zuten ekimen honetatik kanpo geratu nahi izan, eta euren lantaldeak sortu zituzten. Helduak euren gogoetetan murgilduta zeuden bitartean, haurrek marrazkiak egin zituzten euskara ardatz moduan hartuta. Euskara herrikideen arteko topagune eta heldu nahiz haurren gozamen-iturri bilakatu zen arratsalde batez. Eskertzekoa eta ospatzekoa, bideari berriro ekin aurretik.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest