Euskarak 365 egun
‘Euskarak 365 egun’ kanpaina abian dugu Berbaro euskara elkarteak, Plateruena kafe antzokiak eta Anboto Komunikabideak-ek elkarlanean. Euskara urteko 365 egunetan erabiltzera deitu gura dugu eta horretarako Durangaldeko bazter guztietan kartelak jarri ditugu.
Administrazioan, umeekin, gazteen artean, hezkuntzan zein osasun arloan euskara erabiltzera dei eginez hainbat lelo zabaldu gura izan ditugu. Gaur, Euskararen Eguna, den honetan, euskara urte guztian zehar eta egunerokotasunean erabiltzeaz hausnartzera deitu gura dura herritargoa.
EUSKARAK 365 EGUN
Hemen dago abenduaren 3a: Euskararen Eguna. Ospatzeko eguna Berbaroko, Anbotoko eta Platerueneko lagunentzat. Bizitzeko egun bat, egunero euskaraz bizi garenontzat. Eta ez abenduaren 3a bakarrik: hurrengo aste osoa ederra izango da euskaldun eta euskaltzaleontzat, Durangoko Azokan batuko gara-eta, euskal kulturaz gozatzeko.
Eta ez bakarrik abenduaren 3an eta hurrengo astean, hile osoan eta hurrengo urte osoan jarraituko dugu guk euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta sustatzen. Euskal Herrian beste hainbeste legez, horrexetan gabiltzalako ibili gu joan deneko 20 urtean, eta, horixe diogu: Euskarak 365 egun.
1989an sortu genuen Berbaro euskara elkartea 400dik gora bazkidek, euskararen aldeko lanari ekinez: sentsibilizazio kanpainak, kultur ekitaldiak, akordioak Durangoko komertzioekin zein kultur eta kirol taldeekin,… Geroago, Eraz astekaria sortu genuen euskarazko tokiko kazetaritza lantzeko, eta 2000. urtean Anboto Komunikabideak-ek hartu zion lekukoa, proiektua berrituz eta indartuz. Bestetik, taberna ere hartu genuen Durangon, euskaldunen topagune eta kultur ekitaldien agerleku izan zedin, eta 2004an Plateruena kafe antzokiko ateak zabaldu genituen, 900 bazkidegaz, anbizio handiagoko baliabide eta helburuekin jarduteko euskarazko herri-kulturgintzan.
Gaur egun durangar asko euskaraz bizitzeko iturria da Berbaro –ludotekako eta udalekuetako haurrak, GugazTeko zein Gurean etorkinen taldeko gazteak–, udaleko Euskara Zerbitzua kudeatzen du eta Durangon euskalgintzaren sarea indartzea du helburu. Anbotok, berriz, 24 orrialdeko berripapera banatzen du astero 10.000 harpidedunen etxeetara eta 1.000tik gora bisita ditu egunero webgunean, Durangaldeko hamabi herrietako berri emanez eta gizarte, kirol zein kultura atalak landuz 30 iritzi-emailegaz. Plateruena, bere aldetik, agertoki garrantzitsua da Euskal Herri osoko artistentzat, urtean 100dik gora ekitaldi antolatuz, eta azken aldian gogo biziz dihardu Durangaldeko zaleen parte-hartzea zein sortzaileen arteko auzolana sustatzeko proposamenak lantzen.
Horixe gara eta horixe dugu eskaintzeko: euskaldun eta euskaltzaleon herri-mugimendua, lan profesionala borondatezko ekarpenagaz uztartzen duena eta norbanako, talde zein instituzioekin elkarlanean diharduena.
20 urteotan kemena, gaitasuna eta eraginkortasuna erakutsi dugu euskaratik eta euskaraz jarduten. Asko da hori. Gehiago da, baina, denon artean egin dezakeguna: euskaraz hazi, hezi, idatzi, kantatu, informatu, gozatu, lan eta festa egin… Durangaldean euskaraz bizi.
Ospatu ditzagun euskararen 365 egunak!
Kanpaina hau aurrera ateratzeko hainbat laguntzaile izan ditugu eta beste hainbatek beraien atxikimendua adierazi dute argazki batean agertuz. Zuk ere bidali dezakezu zure argazkia eta kanpinarekin bat egin. Argazkiak ikusteko klikatu: argazki bilduma
Eskerrik asko guztioi!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest