Eguneroko euskalgintza vs. Eguneroko politikagintza
Durangaldeko ehunka euskaltzaleren urteetako ahaleginari eta dozena bat langileren eguneroko lanari esker sendo diharduen euskarazko tokiko kazetaritza proiektua arriskuan ikusi dugu asteon, Durangoko alderdi biren arteko ika-mika dela-eta. Guk geure aldetik, euskarak bestelako kultura politiko bat behar duela uste dugu, alderdikerietatik babestuko duena. Horixe sinestuta behar egiten dugu egunero, baina, zertarako ukatu, lantzean behin inozoak sentiarazten gaituzte, aste honetan legez.
Labur: Durangoko Udalak EAJko kide batena den In Mediobai enpresari alkate andereak sinaturiko dekretuz 28.000 euro eman izana salatu du martitzen honetan Aralarrek, Dani Maeztu zinegotziak emandako prentsaurrekoan. Eguaztenean, prentsa ohar baten bidez erantzun du EAJk, esanaz Aralar taldeak 2009ko udal aurrekontuak onartzearen truke Durangoko Herri Komunikabideak enpresari urteko 40.000 euroko hitzarmena onartzea eskatu zuela, eta Maeztu jaunak enpresa horrekin harreman zuzena eta pertsonala duela.
Elkar ulertzen hobeto hasi gaitezen, DHK ez da enpresa bat: Durangaldeko euskara elkarteek sortu zuten hurreko informazioa euskaraz garatzeko helburuagaz. Durangaldea komunitate trinko eta eraginkor bihurtu gura du, gure ezaugarri nagusiak, bereziki euskara, sendo geroratzeko. Jatorri eta helburu horiekin, profesional kualifikatuak kontratatzen ditu, eskualdean enplegua sustatuz, eta proiektu honekin ez da inor lukratzen. Zer gabiltza, baina, denek dakitena esplikatzen! Zoritxarrez, intentziorik onenekoek zein txarrenekoek badakite proiektu honek ez daukala etorkizunik laguntzarik barik.
Hitzarmenari dagokionez, garbi eta ozen esan gura dugu udaleko talde guztiekin berba egin eta landu genuela, osoko bilkuratik pasatu zela, eta gehiengoz onartu zela EAJ, PSE-EE eta Aralarren aldeko botoekin. Hau da, beste hainbat talde eta elkartek Durangoko Udalarekin hitzarmenak sinatu dituzten modu berean eta DHK-k Durangaldeko beste udal batzuekin sinatu ohi duen modu berean. Gogoan dugu, gainera, hitzarmen hori publiko egiteko agerraldia egin genuela Durangoko Udalean, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea anderea pozarren agertu zela Gorka Barruetabeña DHK-ko lehendakari jaunari eskua emanez. Pozik geunden gu ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari jarraiki EAJrentzat gure proiektua garrantzitsua zela sinestuta; orain, aldiz, minez jakin berri dugu aurrekontuak aurrera ateratzeko ezinbestean babestu izan gaituela urteotan.
Amaitzeko, garbi utzi gura dugu Dani Maeztu Aralar taldeko zinegotziak DHK-rekin daukan harreman bakarra Anboto astekarian bost asterik behin idazten duen iritzi zutabea dela: EAJko Aitziber Irigorasek, PPko Juan José Gastañazatorrek, Bilduko Urdaspal Bolinagak eta PSE-EEko Arantza Agorriak daukaten berbera.
Guk bai. Guk gure estilotik irten barik jarraituko dugu, deneriko alderdi, talde eta elkarteekin adostasunak eta lankidetzak bilatuz. Gure estiloarekin jardungo dugu aurrerantzean ere, tarteka inozoak sentitu arren. Badakigulako eta sinesten dugulako euskarazko kazetaritzak eta euskalgintzak oro har bestelako kultura politiko baten premia dutela, alderdikerietatik babestuko duena.
DHK-ko zuzendaritzakideak eta langileak
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest