Mikel Irizar izendatu dute Topaguneko presidente
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Mikel Irizar izango du presidente hurrengo urteetan. Horrela erabaki dute euskaldunon elkarteetako ordezkariek, gaur goizean Durangon egindako Batzar Nagusian. Euskaldunon elkarteen mugimendua eraldaketa prozesu sakon batean dagoela nabarmendu dute Topaguneko ordezkariek eta, eginkizun horretan, presidente berriak hartuko du Zuzendaritza Batzorde berritua gidatzeko ardura.
Irizar eta Irizar
Erronka handiekin heldu dio Zuzendaritza Batzordeak lanari. Izan ere, Euskal Herriko 96 euskaldunon elkarte batzen dituen federazioak mugimendu izaeran sakontzea da hurrengo urteotako helburu nagusia eta horrekin batera, hizkuntza komunitate honen garapenerako mezu eta diskurtso berria gizarteratzea.
Erronka eta eginkizun berrituak
2011 urteko balorazioa egiterakoan gogora ekarri da otsailean Bilbon egindako euskaldunon elkarteen mugimenduaren Kongresua. Hausnarketa horretan, mugimenduaren norabidea irudikatu zuten euskaldunon elkarteetako kideek; “euskaldunon elkarteen oinarriparrak” izeneko ponentzian jaso zen norabide hori. 2012an mugimenduaren antolakuntza eta jardunbidearen gaineko gogoetarekin burutuko da euskaldunon elkarteen gaineko Kongresua, irailean egingo den azken bilkuran.
Testuinguru horretan aurkeztu ditu Topaguneak 2012rako helburu eta ekintza lerro nagusiak. Batetik, mugimendua bera egituratzeari begira maiatzaren 19an Azkoitian ospatuko den Gunea eguna aurkeztu da, euskaldunon elkarteen egitasmo interesgarrienak aurkeztu eta trukatzeko baliatuko den eguna. Horrekin batera, euskaldunon elkarteen mugimenduaren eginkizun modura azpimarratu da gizarte eragileek hizkuntza komunitatea indartzeko duten garrantzia eta erantzukizuna aldarrikatzea; irailean egingo den Kongresuan, barne antolaketaren gaia aztergai izateaz gain, eginkizun horretan sakonduko da. Bestetik, euskarazko tokiko hedabideak une erabakiorrean daude, eta Topagunearen aurtengo erronken artean sektorea egituratzea dago; bide horretatik bereziki azpimarratu da duela bi aste sortu zen Tokikom enpresa. Azkenik, ahalegin berezia egingo da jakintza eta transmisio ildoetan sakonduz; izan ere, mugimenduaren prestakuntzari harreta berezia jarri nahi zaio, belaunaldi berrietan inbertsioa eginez bereziki.
Bazkide berriak
Azken urtean Federazioan bazkidetza eskatu duten bi elkarteri ere eman die ongi etorria Batzarrak:
· Info-Aiaraldea elkartea (Aiaraldea)
· Murkondo elkartea (Ataun)
Bazkide berriak kontuan hartuta, guztira 96 elkartek osatzen dute Topagunea.
Albistea beste hedabide batzuetan:
www.goiena.net
www.berria.info
www.gara.net