Berbaro sortu zenean, ni oraindino erdalduna nintzen. Apurka-apurka hasi nintzen ikasten eta ingurukoekin euskaraz egiten eta, Berbarori esker, euskaraz bizitzeko ingurune erakargarri bat aurkitu nuen eta, azkenean, neuri ere parte hartzeko gogoa sartu zitzaidan.

Berbaroren lehen udalekua gogoratzen dut biziki. Edorta eta biok joan ginen sukaldari Riezuko kanpinera, inongo esperientziarik gabe, baina gogo itzelarekin. Lehen talde hori ez zen oso handia izan, baina bitartekoak ere ez ziren handiak eta ez zen zeregin erraza. Esate baterako, ez geneukan hozkailurik eta gaur eguneko reallity show batzuen antza hartzen zuen gure sukaldeak batzuetan. Gotzone eta Edurne joan ziren begirale eta oso giro ona egon zen denon artean. Egun batean, bertso-afaria egin genuen Unai eta Igorrekin eta ez dut gai bat bera ere gogoratzen baina barre ugari egin genuela bai. Oso ume jatorrak egokitu zitzaizkigun. Bistakoa zen batzuen prestutasuna eta gerora pozik ikusi ditut talde hartako batzuk herrigintzako hainbat arlotan lanean, baita Berbaron ardurak hartzen ere. Hori bai bizipen polita!

arantza1

 

Handik bi urtera Maulera joan behar izan genuen Joseba Sarrionandiaren omenaldirako Itxaro Bordaren ahotsa grabatzera. Ainhoa, Edorta eta hirurok joan ginen eta norbaitek pentsatu zuen gure bidaia aprobetxatzea udalekuetako sukaldariei janaria bidaltzeko. Iritsi ginen eta a ze une bitxia bizi izan genuen! Berbarok “gazte taldea” deitzen zion umeen taldeari, ume ez deitzearren. eta Berbarokoek hango “gazteekin” elkartzeko nahia zuten. Hango gazteek ongi-etorria antolatu zieten udalekuetakoei, pentsatuz, umeak barik gazteak zirela. Eta kriston rock kontzertu basatia antolatu zuten. A ze aurpegiak jarri zituzten haiek gure umeak ikustean. Eta a ze aurpegiak jarri genituen guk kontzertu gaztetxero hartan sartzerakoan. Orduan ere Unai eta Igor bertsotan. Orduan ere barre ugari.

 

Arantza Bilbao