30 urte, geroa aldean
Urte berezia izango da 2019a berbarotar guztiontzat; eta are bereziagoa izan zen 1989a, Durangon euskaraz bizitzeko espazioak sortu guran Berbaro jaio zenekoa. Bai, aurten 30 urte beteko ditugu, eta ilusioz hasi dugu urtemuga biribila. Orain arte egindako bidearekin harro, arnasa hartu, eta biharko erronkei ilusioz heltzeko urtea izatea gura dugu; eta ospatzekoa ere bai, zelan ez!
Hasteko, 30.urteurrenerako irudi berezia estreinatu dugu, eta lema ere bai: “geroa aldean”. Horixe da gure gogoa; aurrera begiratuta jarraitzea lanean, Durangoko euskaltzaleekin batera beharrean.
30 urterekin, gaztea eta heldua da Berbaro: urtean zehar hamaika aukera izango ditugu garena ospatzeko, egin gura dugunaz pentsatzeko, eta herriko bizia eta euskara astintzeko. Urteurrenerako asmoen artean dauzkagu, hausnarketa prozesu bat, jolaserako eta kulturaz gozatzeko hainbat ekintza eta 30 urteak ospatzeko egun biribil bat: ekainaren 1ean jaialdia egingo dugu, egun osoko egitarauarekin, beraz, gorde data hori!
Oraingoz, horixe da esku artean daukaguna. Aurreraxeago izango duzue urteurreneko berri gehiago!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest