Giro paregabean ospatu dugu Berbaroren 30. urteurrena
Hilabeteetan zehar prestaketa lanetan ibili ostean, joan den larunbatean ospatu genuen Berbaroren 30. urteurreneko jaialdia. Eguraldia lagun, ez genuen aspertzeko astirik izan eguerdian hasi eta goizaldeko orduetararte luzatu zen ospakizunean.
Bertso poteo musikatuarekin eman genion hasiera egunari: Santa Anan hasi eta alde zaharrean zehar jarraituz, bertso, trikitixa eta pandero doinuz jantzi genituen kaleak. Ordurako askotxo ginen Berbaroren zapi urdina aldean generamanak, baina, Plateruenarako bidean jende gehiago batu zitzaigun taldera. Antzoki kanpoan kopla batzuk abestu ostean, gosetuta ordurako, mahaian eseri ginen 140 bat lagun.
Bazkalosteko ekitaldian, lehengo lorpenak, gaurko lanak eta etorkizuneko erronkak izan genituen mintzagai. Umoreari ere eskaini genion tarte bat “Ez gara menpeko perpausa” ikuskizunarekin.
Horiek bukatuta, Plateruenan antolatu dugun argazki erakusketa ikusteko aprobetxatu zuten askok, baita mozorrotu eta photocallean jartzeko ere: heldu eta gazte, denok pasa ginen Anbotokoen kamera aurretik. Familia argazkia ere ez zen falta izan.
Ospakizunak aurrera jarraitu zuen arratsaldean Txirimoya Sounden doinuekin, eta goizeko bide bera egin genuen, alderantziz, oraingoan: Plateruenatik alde zaharrera, zapi urdinez bete genuen Durango… gorputzak iraun zuen arte!
Eskerrik asko guztioi, itzela izan da!
Hemen argazki galeria: