Zapatu gauean egin genuen Labur Esanda film laburren lehiaketan aurkeztutako bideoen emanaldia eta sari banaketa, Plateruena kafe antzokian.

 
Parte hartzaileek barikuan 16:00etan jaso zituzten 24 ordutan bideo bat egiteko baldintzak. Bideoen gaia “zorra” izango zen, eta bertan bi elementu hauek sartu behar zituzten momenturen baten: txaleko islatzaile bat eta “etxean entzuna, umearen zentzuna” esaldia.
 
Guztira 11 lan aurkeztu dira, eta 100 bat lagun bertaratu ziren Plateruenara film laburrak ikustera, osasun-neurri zorrotzekin egindako emanaldian. Libe Mimenza, Xabier Zabala eta Goiuri Aldekoaotalorak osatutako epaimahaiak ondorengo lanak saritu zituen: Puxemoi produkzioak taldearen “Zortzaileak” lana izan zen garaile, eta 300€ko saria jaso zuten. Finalista geratu ziren beste biak Super Kuxkur taldearen “Zetan zabiz?” eta Maritalavista taldearen “Zure kontu” lanak izan ziren, 100€ko sari bana etxera eraman zutelarik. Azkenik, “harria” sari berezia eraman zuen Zordunak taldearen “Hartzekoduna” lanak, epaimahaiak azaldu zuenez, harrituta utzi zituelako bideoan hitanoa erabili izanak.
 
Berbaro elkartetik eskerrak eman gura dizkiegu parte hartu duten talde guztiei. Oso maila altua egon da aurkeztutako lanetan, eta aurrerantzean ere euskarazko ikusentzunezkoak sustatzeko horrelako ekimenak egiteko indarra eman digu lehiaketak izan duen harrera onak.
 
 
Hemen film labur guztiak ikusgai: