Erabileraren GPS-a Urteak daramatzate Soziolinguistika Klusterrak, Urtxintxa Eskolak eta Topagunea euskara elkarteen federazioak elkarlanean gazteen hizkuntza erabileraren gaia jorratzen. Hainbat aditu, aritu eta gazterekin “Gazteen hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreen azterketa” aurrera eraman zen. Azterketa hura egin zenetik, hartzaile mota ezberdinen artean aurkeztu da eta bide askotatik zabaldu da. Baina horrez gain, beste emaitza bat ere eman du azterketa hark: Erabileraren GPSa.

ZER da?
Gazteen hizkuntza erabileran kokatu eta bertan esku hartzeko gida, liburuxka eta poster formatuan.

ZERGATIK sortu da?
Hizkuntza erabileraren fenomenoaren konplexutasuna kontuan hartuta lan egitea komeni delako. Testuinguru zehatz bakoitzaren ezaugarriak aztertzeko marko bat beharrezkoa delako.

ZERTARAKO balio du?
Fenomenoa ulertzeko eta azaltzeko, egoera zehatz baten diagnosirako, gazteen erabileran esku hartzeak planifikatzeko edo aurrera eramandako ekimenak ebaluatzeko.

NORENTZAT eskaintzen da?
Gazteentzat eta gazteekin harremanean dihardutenentzat. Euskararen sustapenarekin lotura izan edo ez, gazteen hizkuntza erabilera kontuan hartuz lan egin nahi duen ororentzat. Esate baterako, begiraleak, irakasleak, kultur programatzaileak, entrenatzaileak, hedabideetako arduradunak, administrazioa,…

NOLA egin da?
Gazteen parte hartze zuzena izan du. Era berean, esparru anitzetan lan egiten duten adituen ekarpenak ere jaso ditu, hala nola, unibertsitatekoak, hezkuntza mundukoak, administrazio publikokoak, komunikazio arlokoak, aisialdi antolatukoak, hedabideetakoak, euskararen aldeko mugimendukoak,…

NON eskura daiteke?
Liburuxkaren edizio digitala eskuragarri dago www.soziolinguistika.org/gazteak helbidean.
Paperezko liburuxka eta posterra jaso nahi izanez gero, eskaerak kluster@soziolinguistika.org helbide elektronikora bideratu behar dira. Salneurri orokorra 5 eurokoa da eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat 4 eurokoa.

Jatorrizko albistea: topagunea.org

Etiketak: ,