30 urteren buruan Osakidetzak ez du euskaraz sendatzen
“Hori da errealitatea. Eta horri erantzun bat ematea dagokio Osasun Sailburuari. Herritarren eskubideak bermatzea dagokio Administrazioari eta Gobernuari. Erantzun egoki bat zor digu euskaldunoi”. Hori esan du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik Eusko Legebiltzarrean. Behatokiko zuzendariak Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan, Osasun Sailburuak azalpenak eman behar izan ditu Debagoieneko Ospitalean herritar batek jasandako hizkuntza-eskubideen urraketa larrien inguruan.
Petriatik azaldu duenez, Behatokiak osasun alorrari lotutako kexa andana jasotzen du. Behatokiak urtero osatzen duen txostenean “osasun alorra beltzuneetako bat da, kexen artean kexa kopururik altuena sortzen duen alorra da, ehunka kexa jaso ditu Behatokiak. Eta kontuan izanik euskaldunok ez dugula kexak jartzeko ohiturarik, amorruarekin joaten garela etxera, oso garbi dugu kopuru hori errealitate zabal eta gordin baten isla besterik ez dela. Hizkuntza-eskubideen urraketak Osakidetzan sistematikoak dira”. “Hizkuntza-eskubideen urraketak Osakidetzan urterik urte errepikatu egiten dira. Euskalduntzea oso motel doa. 30 urte, urte asko dira”. Adibide bat ere jarri du Petriatik. “Badugu kasu bat Behatokian esku artean, pediatriari lotutakoa, zeina 18 urtez luzatu dena. Eskandalagarria da!”
Urte hauetan, Petriatik esan duenez, administrazioan herritarrari euskaraz artatua izatea eskatzeagatik sortzen zaizkion traba guztiak direla medio, “normalean herritarrak onartu behar izaten du zerbitzua erdaraz jasotzea, baina azken aldian, erabiltzaile asko ahalegin horretan prest agertzeko aurrera egin eta bere kasua publiko egiten hasiak dira. Azken hilabeteotan batzuk ezagutu ditugu. Aurrera begira, gehiago izango dira eta horiek Behatokiaren laguntza izango dute”.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, sistema beraren gabeziak salatu ditu. “Osakidetzan euskara normalizatzeko dekretua 2003an onartu zuten, alegia, 20 urte berandu. 2005ean berriz, euskara plana. Emaitzak hor ditugu: porrota izan da”. “Aurreikuspenik gabeko plana izan da. Aurreikuspenik gabeko hizkuntza-politikak ez du lortu profesional euskaldunak zerbitzuan kokatzea eta ondorioz, gaur egun euskaldunok hori pairatzen ari gara: administrazioen aldetik etengabeko eskubide urratzea, alegia”.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest