Gaur hasi eta igandera arte, “Gurasolandia” egitasmoaren 3. edizioa ospatuko dute Arrasaten.”Gurasolandia” gurasoentzat bideraturiko ekintza sorta da, hizkuntzaren transmisioa bultzatzea eta guraso eta haurren arteko harremanak (komunikazioa, jolasak…) estimulatzea helburua duena.
“Gurasolandia” nagusiki bi arrazoigatik antolatzen da, alde batetik, azpimarratu nahi delako hizkuntzaren transmisioan gurasoek duten garrantzia, etorkizuneko belaunaldien hizkuntza erabileretan egungo gurasoek zerikusi nabarmena dutelako. Eta bestetik, gurasoei gai ezberdinen inguruko kezkak, esperientziak… euskaraz elkartrukatzeko espazioa eta tartea eskaini nahi diegulako.

Aurrez aipatu bezala, gurasoentzat zuzenduta dago, eurak bakarrik ala haurrekin joan daitezkeelarik. Honela, ekintza batzuk gurasoentzat bakarrik izango dira (haurrentzako zaintza zerbitzuarekin) eta beste batzuk guraso eta haurrentzat batera. Beti ere euskal hiztun diren gurasoentzat bideratzen dira ekintza gehienak, azken finean euskara hutsean direlako ekintzak baina uste dugu euskalduntze bidean dauden gurasoentzat ere positiboa izan daitekeela bertan parte hartzea (mintzapraktika moduan, guraso euskaldunak ezagutzeko, euskarazko edukiak entzuteko…).

Zer egongo da Gurasolandian?
Azaroak 2, asteazkena
Ekintza mota: Hitzaldia
Tokia eta ordua: Erdiguneko Gazte Gunea, 18:00etatik aurrera
Emailea: Larraitz Arando sexologoa
Gaia: “Nerabezaroa eta haurdunaldia”
(Zaintza zerbitzua egongo da)

Azaroak 3, osteguna
Ekintza mota: Tailerra
Tokia eta ordutegia: Erdiguneko Gazte Gunea 18:00etatik 20:00tara
Emailea: Ixabel Millet ipuin kontalaria eta idazlea
Gaia: “Nola kontatu ipuina”
(Zaintza zerbitzua egongo da)

Azaroak 4, ostirala
Ekintza mota: Tailerra
Tokia eta ordua: Kultur Ate (Jokin Zaitegi gela), 18:00etatik 20:00tara
Emailea: Itsaso Pagoaga
Gaia: “Gurasoak ere jostari”
(Zaintza zerbitzua egongo da)

Azaroak 5, larunbata
Ekintza mota: Tailerra
Tokia eta ordua: Kultur Ate (Loramendi gela) 11:00etatik aurrera
Emailea: Garikoitz Lopez de Munain
Gaia: Haur masaje tailerra

Ekintza mota: Jostailu Erakusketa
Tokia eta ordua: Kultur Ate (Jokin Zaitegi gela) 10:00etatik 13:00tara

Azaroak 6, igandea
Ekintza mota: Jaialdia (aurpegi margoketa, eskulanak, balancebikak, hankapaloak…)
Tokia eta ordua: Biteri Plaza, 11:00etatik 14:00etara

Esan beharra daukagu ekintza guztiak doakoak izango direla eta ez dela matrikularik egin beharko, ekintzari dagokion lekura agertzearekin dagokion orduan nahikoa dela.

Azken bi ohar ere baditugu batetik, Zaintza zerbitzua egongo da gurasoentzako soilik diren ekintzatan. eta bestetik, eguraldi txarra eginez gero, bertan behera geratuko da igandeko jaialdia.
Amaitzeko, egitasmoa hau aurrera eramaten laguntzeagatik ondorengoei eman nahi diegu eskerrak:

Alde batetik,Gurasolandian parte hartuko duten aditu eta emaleei. Baita babesle diren instituzioei, bereziki Arrasateko Udaleko euskara sailari ere. Horrez gain, eskertu nahiko genieke eskainitako laguntza Gazteria eta Kultura sailei, udal ekipamenduak erabiltzen uzteagatik.
Eta bestetik,Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko euskara sustatzeko sailburuordetzari.

Jatorrizko albistea www.guraso.com