Maiatzaren 19an GUNEA EGUNA.

Gunea, truke gunea, jaigunea, arnasgunea, bilgunea, solasgunea, elkargunea, auzolan gunea, indargunea, sorgunea, topagunea, euskal gunea,…

Maiatzaren 19a aukeratu dugu, Azkoitia izango da gure topagunea egun horretan, lehenengo gunea eguna ospatzeko. Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren eguna izatea nahi dugu, elkarteotako kideak elkarrekin egon, ideiak trukatu, elkarrengandik ikasi, auzolanean aritu eta jai-egun bat ospatzeko baliatu nahi dugun eguna.

Bi eginkizun nagusi jarri dizkiogu aurtengo gunea egunari:
Elkarrengandik eta elkarrekin ikastea da lehenengoa. Izan ere, egun horretan euskaldunon elkarteetan martxan dauden 25 ideia on aurkeztu nahi ditugu. Elkarteotako eragileek beraiek aurkeztutako egitasmoak izango dira, herri edo eskualde jakinetan sortuak eta beste herri batzuetara egokitu eta hedatzeko modukoak. Zeintzuk dira egun funtzionatzen ari diren kultur egitasmo herrikoi arrakastatsuak? Zer ekarpen berri egin daiteke aisialdiaren arloan? Ba al da eredu berri eta interesgarriren bat hedabideen artean? Hartu eta eman. Aukera izango dugu bakoitzak egiten duena besteoi erakutsi eta besteonak ezagutzeko.
Auzolana, kultur sorkuntza eta elkarrekiko harremana protagonista izango diren jai eguna ospatzea da bigarren eginkizuna. Bazkari herrikoiak, musika eta kantuak, euskaldunon elkarteen barne bizitzak eta mugimenduko kide izatearen harrotasunak beteko du eguna, eta elkarren arteko harremanean sakontzeko baliatu nahi genuke baita ere.

Beraz, lerro hauek erabili nahi ditugu, euskaldunon elkarteetako kide, bazkide, eragile, militante, langile, babesle, sortzaile, laguntzaile zareten guztioi gonbitea egiteko. Gonbitea gunea eguneko protagonista izan zaitezten, parte hartuz, baina batez ere, eguna aberastuz: egitasmoak aurkezten, auzolanean parte hartuz, bazkaria prestatuz edo zerbitzatuz, herriaren apainketan, guneen montaje eta jasotzean, kultur eskaintzan ekarpena eginez, komunikazioan edo besterik gabe, Azkoitira hurbildu eta egunean murgilduz. Ekarpen txiki askorekin egun handia ospatuko dugu!

Dei zuzena egin nahi dizuegu halaber, elkarte guztietako kideoi, zuen elkartearen egitasmo interesgarri edo eredugarri bat aukeratu eta gainontzeko guztiei aurkezteko. Era berean, elkarteak sortutako materiala izanez gero (aldizkariak, liburuak, CDak, DVDak, kamisetak, joko edo jostailuak, pinak, pegatinak edo era guztietako materiala) herrian bertan jarriko ditugun erakusmahaietan erakutsi eta saltzeko modua izango da. Horretarako, aurkezpenetan edo erakusmahaietan parte hartzeko, hurrengo hiru asteotan jarri zaitezte Topaguneko lankideekin harremanetan eta zehaztuko dugu aurkezpenak nola egingo diren. Horretarako bidali e-posta mezua manuel@topagunea.org edo iker@topagunea.org helbideetara edo telefonoz deitu 94.621.57.80 telefono zenbakira (Manuel edo Ikerrekin jarri harremanetan).

Mugimenduko elkarte guztiek dugu zer eman eta zer jasoa, zer erakutsi eta zer ikasia. Egun aproposa izango da guzti horretarako, jai giroan, mugimendua eginez. Azkoitia euskaldunon elkarteen truke-gune, arnasgune, indargune, bilgune, jaigune, solasgune, sorgune,… topagune handi bihurtuko dugu maiatzaren 19an, guztion artean. Gonbidatuta zaude/gaude bertan protagonista izateko!!

EGITARAUA

10,30.- Harrera ekitaldia (Oteiza pilotalekuetan)

11,00.- 25 ideia on eta gehiago / (in)formazio pilulak / Umegunea (Oteiza pilotalekuetan)

13,00.- Elkarteen azoka txikia (plazan)

13,00.- Kantu Jira (plazatik)

13,00.- Sukaldegunea (Kontzejupean)

14,30.- Herri bazkaria (plazan)

16,30.- Ekitaldia (plazan)

17,00.- Erromeria (plazan)

19,00.- Txaranga (herrian zehar)

Etiketak: