Hezitzaileei zuzendutako ikastaro laburrekin jarraitzen dugu eta oraingoan psikomotrizitateari eskainiko diogu tartea. Eskura dugun tresna da eta askotan ez ditugu ezagutzen eskaintzen dizkigun aukerak. Umeekin ari garenean, aprobetxatzeko baliabideak eskaintzen dizkigu psikomotrizitateak eta guzti horiek ezagutzeko aukera izango dugu ikastaro-hitzaldi honen bitartez.
Apirilaren 9an, asteazkena, egingo dugu ikastaroa, arratsaldeko 18etatik 20etara, Pinondo etxean. Izena emateko epea apirilaren 4ra arte izango dugu irekita, baina aurretik plazak amaitzen badira, izen-ematea itxi egingo da.
Berbaroko bazkideek 3€ ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 5€.
Animatzen bazara, jarri gurekin harremanetan: 946202540 / aisialdia@berbaro.com
Informazioa:
“Hezkuntza- eta prebentzio-praktika psikomotorra haurraren jolas-ekintzetan lagun eginez gauzatzen da. Jarduteko atseginetik pentsatzeko atseginera igarotzea ahalbidetzen duen heltze-ibilbide gisa pentsatua dago. Haurrari segurantza eskaintzen dio, larrimenetatik askaturik.” (B. Aucouturier)
Gaur egun, gure inguruko eskola guztietan, gutxienez, psikomotrizitate gela bat dugu eta, ia gehienetan, Bernard Aucouturier zabaldutako praktika jarraitzen da, hezkuntza eta prebentzio-praktika psikomotorra. Baina, zertan datza psikomotrizitate praktika? Nola jokatu dezakegu psikomotrizitate gelan? Zer dira ekintza-fantasiak edo ekintza-fantasmak?…
Ikastaro honetan galdera hauek eta zuen kezkak erantzuten saiatuko gara. Filosofia humanistan oinarritzen den praktika honen helburuak eta metodologia zehaztuko ditugu, saio bat nola egituratu (saioko dispositiboak: dispositibo espaziala eta denborazko dispositiboa), materiala aurkeztu eta psikomotrizistaren papera argitu.
Aitor Unzueta, irakaslea eta Bilboko Psikomotrizitate Praktikako Eskola Internazionalaren (PEI-EIP) kidea.

Etiketak: