Gogoratzen naiz Pinondon zer nolako ipuin kontaketa zirraragarriak egiten genituen!
Zorionak, Berbaro! 25 urte, jada! Gogoratzen naiz orduko haur txikia, atzo jaio izan balitz bezala. Nola pasa diren urteak! Gogoratzen naiz Pinondon zer nolako ipuin kontaketa zirraragarriak egiten genituen! Eta orduko antolaketaren lan emankorrak! Gogoratzen naiz, Eskoriatzako Irakasle eskolan (gaur HUHEZI) Haur liburu Mintegia sortu berria genuela, nola deitu zidan Marian Bilbatuak Berbarotik, lehen Aretoa antola genezan haurrentzat.
Orduan, oso animazio urria egiten zen haur liburuen inguruan eta ederki gogoratzen naiz nola sailkatu genituen liburuak, eta zer nolako gomendioak egin genituen… eta animazioak, haiek animazioak. Gitarra hartu eta “Durangoko trena” abesten, haur guztiak ipuinaren erresuman sartu baino lehen … Eta nola sortu genuen Liburu erraldoia; Irungo mojei enkargatu nien egiteko eta a zer nolako arrakasta lortu zuen. Unai Iturriaga ere, artean gaztetxoa, Arte Ederrak ikasten ari zela, marrazten jarri genuen eta zein ondo moldatu zen. Oso abila zen marrazten, arraioa! Denak famili berekoak izango bagina bezala aritzen ginen lanean. Ez genuen dirurik irabazten, baina ez zitzaigun adorerik falta, eta gutxiago umorerik edo elkartasunik. Oso giro atsegina zegoen, eta nahiz eta lan asko egin, ez ginen batere nekatzen…
Geroztik ikusi dut, poz handiz ikusi ere, nola joan den hazten Aretoa, eta nola joan den sendotzen, Durangoko Liburu azokaren barruan txertatzea lortu duzuelarik.
Zorionak denoi eta besarkadak denoi!
Pello Añorga
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest