Kalitatezkoa, aberasgarria, integratzailea… Dlako
Ardura, erantzukizuna, ernegua, damua… Holakoak sentitzen ditugu sarritan gure seme-alabak koskortzeaz batera ele-bakartze bidean doazela konturatzen garenean. Hain da handia erdara handiek duten boterea! Jakina da hezkuntza ereduak duen inportantzia.
Ez da kontu berria, bada, ikaste prozesua euskaraz egiteak aberastea, irabaztea, gehitzea dakarrela. Umeei aukera eman behar diegu euren mundua, euren etorkizuna eraikitzeko, eta hor oso garrantzitsua da, txiki txikitatik euskaren jabe izatea, integrazioa erabatekoa dakar-eta. Euskaratik mundura zabaltzeko kapaz garela erakusten ari gara egunero, eten barik; beste hizkuntza batetik egin daitekeen bezalaxe. Bizikidetzaz eta inklusioaz ari garen honetan, euskaraz eta euskaratik bermatuko dugu balioak ondoen transmititzea: aniztasuna, berdintasuna, tolerantzia… Gurasook erabaki behar dugu/duzue.
Erronka handia duzue gazteok ere, DBH amaitutakoan, zein batxilergoa amaitu ostean, gehien gogobetetzen zaituen bidea hautatu behar duzue-eta. Eutsi euskaraz eginiko horri, bihar-etziko profesional osoenak izateko balio badu ere, herri honen identitatea sendotu eta elkarbizitzan eragiteko zutabetako bat zarete-eta.
Denok dakigun moduan, erabakia geure/zeuena da, baina baliabideak ipintzeko erantzukizuna administrazioarena.
Berbarotik aupada bat bidaltzen diegu nafarrei, urrats txikia bada ere, garrantzitsua da D eredua Nafarroako sare publiko osora zabaltzeko proposamena, indarrean dagoen Euskararen Legea aldatzea ekarriko baitu.
Aukeran, eman euskara zure seme-alabei!
Jarraitu euskaraz hasitako bidean!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest