Geu gara Plateruena!
Gogoeta prozesu luze eta aberatsa izan du Plateruena Kafe Antzokiak. Sasoiotara egokituta, herritarrek herritarrentzat eginiko kultur proiektu sendoa egitea izan da helburua.
Eta herritarrek erantzun dute: prest gaude. Aurrera egingo badugu parte hartzea bermatu dadin gura dugu, kultur adierazpide guztiek behar baitute lekua. Eta prest gaude.
Eta Durangoko Udal administrazioak, aho batez, erantzun du: Plateruena kultur egitasmo garrantzitsua da gure herrian, lagunduko dugu.
Diru-ekarpena egin dute batzuek zein besteak. Hori ere ezinbestekoa Plateruena “hiltegitik” ateratzeko, arnasa hartzeko.
Berritua datorkigu, ba, indarrez atzera ere, argitsu, lainotzarrak deseginarazi ostean.
Espazio eta denbora eskainiko digu Plateruenak, eta emozioak, gozamena, lana, jateko gozoak eta osasungarriak… Eta guk, herritarrok, bertatik, herriari egitasmo erakargarria eskainiko diogu: musika, dantza, antzerkia, arte plastikoak, herrigintza…
Denok behar dugun neurrian, Plateruenak ere behar gaitu. Geu gara Plateruena, zeu zara Plateruena. Zatoz!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest