Elorrioko gurasoekin euskarari buruz berbetan
Astelehen iluntzean Elorrioko Iturri kultur etxean izan gara, Elorrioko guraso elkarteetako kide batzuri ‘Compartimos’ izeneko saioa ematen. Guraso erdaldunekin euskararen gaia lantzeko tailerra da ‘Compartimos’, eta Elorrioko Udalak hala eskatuta, bi orduko saioa eman dugu kultur etxean. Beno, bi orduko saioa, prestatu, prestatu dugu, baina, azkenean, berbetan gustura egon gara eta ordu erditxo bat luzatu zaigu tailerra!
Berez guraso erdaldunentzako tailerra izan den arren, profil anitzekoak izan dira parte-hartzaileak -tartean euskaldun oso batzuk ere bai-. Orokorrean, guraso gehienek ez dute euskara etxean jaso, eta gerora egin dute euskarara hurbiltzeko ahalegina.
Tailerrean datu ugari izan ditugu esku artean: munduko hizkuntza kopurua, hizkuntza gutxituen ingurukoak, hizkuntza baten osasunean eragiten duten faktoreak, euskal hiztun kopurua eta azken urteotan euskararen biziberritzean eman diren pausuak… Elorrioko ezagutza eta erabilera datuak ere komentatu ditugu, eta zenbaki batzuk harrigarriak izan dira tailerrean parte hartu duten gurasoentzat.
Arduratuta sumatu ditugu gurasoak, euren iritziz seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera guztiak dituztelako, baina, hala ere, gaztelaniara jotzen dutelako. Hizkuntza ohituretan zerk eragiten digun hausnartu dugu, eta eurek euskararekin duten harremana zelakoa den kontatu digute. Euskarazko gauza asko ulertzen dituzte, baina haietako batzuentzat ez da hain erraza euskaraz berba egiteko pausua ematea. Batzuek kontatu dute bikotea euskalduna dutela, eta etxean umeekin duten harreman elebiduna zelakoa den partekatu dute. Euren seme-alabek euskaraz ikastea eta berba egitea gura dute, eta horretan laguntzeko prest daude.
Gustura ibili gara tertulian gurasoekin! Gaur beste saio bat izango dugu Elorrion, guraso euskaldunen talde batekin. Oso aberatsa da guretzat bizipenak partekatzeko eta euskarari buruz berba egiteko foro hauek izatea.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest