Datuak datu, badauzkagu ekiteko hamaika motibo
Eman digute zenbakia: %22,7. Horixe da zifra: ekaina amaieran eta uztailean egin duten neurketan, Durangoko kaleetan entzundako elkarrizketen % 22,7 izan dira euskaraz. Datu ona edo txarra den esatea ez da erraza, lehen aldiz egin delako neurketa bat metodologia horrekin, eta ezin dugulako lehenagoko urteetako datuekin konparatu. Baina bada abiapuntu bat.
%22,7. Hori da datu orokorra. Adin-tarteka hauxe da proportzioa: Umeek erabiltzen dute euskara gehien (%37,8); gazteak datoz gero (%25,2); helduak ostean (%18,8); eta euskara gutxien erabiltzen dutenak adinekoak dira (%14,5).
Banaketa horrek logikoa eman dezake, azken baten, umeak eta gazteak direlako euskara gehien dakitenak, baina harritu gaituena zera da; gaitasunaren eta erabileraren artean salto handia dagoela. Izan ere, umeen %82,5ek daki euskaraz eta gazteen artean, berriz, %61,9k. Beraz, jakitetik egitera, oraindik ere, alde handia dago.
Dena dela, pentsa genezake, gure herriko gazte eta gaztetxoak gogor datozela; ezagutza dute, eta eurak dira euskara gehien egiten dutenak, beraz bide onetik goaz! Bai? Ezin gara erlaxatu. Izan ere, zer gertatuko da? Belaunaldi berriek gehiago erabiliko dute, ala gaztetxo horiek helduen eredua jarraituko dute?
Ezin dugu etorkizuna iragarri, ez. Baina beste datu batek arduratzeko motiboak eman dizkigu. Umeak eta nagusiak elkarrekin daudenean, elkarrizketen % 42,2 dira euskaraz; baina umeak bakarrik euren artean berba egiten dutenean, elkarrizketen %19,7 baino ez dira euskaraz, eta nagusiak ume barik daudenean, elkarrizketen %14,3. Datu horiek entzuterakoan larritu gara gehien. Badirudi, nagusiek horrela egiten dutelako, umeek ondo bereizten dutela zein den nagusien eta umeen artean erabili beharreko hizkuntza eta zein berdinen artean erabili beharrekoa.
Besteek egingo dutenaren zain ezin garela egon, alegia. Bihar gertatuko dena guztion esku dago, ezin dugu egiteko hori belaunaldi berrien esku bakarrik utzi.
Aurten erabilerari astindu bat emateko aukera paregabea izango dugu. Durangon herritarren erdia gara euskalduna, eta laurden batek dio euskara ulertzen duela, nahiz eta berba egiteko gai ez izan. Bada, batzuk berba eginez eta besteak belarria prest edukiz, hizkuntza ohiturei bueltatxo bat eman gura diegu ‘Euskaraldia‘ egitasmoan. Dauden aukerak aprobetxatzea da asmoa, eta 2018an horretan ibiliko gara “aho-belarri”!
Informazio gehiagorako: Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketaren laburpen-txostena
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest